XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizona gizon

Aroak aurten halaxe salatzen ez badu ere, gorenean dugu aurtengo uda.

Hala hala lurraren borroka.

Eta berdin ere oporrak edo bakantzak.

Buruz behera joanen hoik oro egun guti barne.

Arte hortan jende arrotza alde guzietarik.

Plaia horietan ibiltzen denak badaki han dela jende erlumea egiazki metatzen: iguzkiak bere irriñoa zabaltzen dueneko.

Hortan elgar iduri plaiako udatiarra eta erlea.

Itsas hegiak utzirik, joan zaizke halere errekaguneetako zabaldegi edo goragoko aldapa argitsuetara: oihalezko etxolek dute han ardi behien lekua zenbait asterentzat hartua.

Ximinea gabeko etxeak behingoan, ez baitute supazterrez axola, baizik iguzkiko aire epelez paristarren izter zuri mehakailek.

Ausartagorik aurki dezakezu haatik zuhaur menditar bazara edo mendian doi bat ibiltzen.

Ez naiz mintzo Larruna kaskoan egun batzuez plaian bezenbat metatzen direnez: izerdirik gabe haratuak ditu hek San Inazioko treinak.

Bizkitartean badira han ere egiazko menditarrak: berak baino haundiagoko makilekin, matelak gorrituak dituzte haiek beren gostuz harat heltzeko.

Euskal-Herriko muno eta harregi guzietan aurkitzen dira uroski haien lagunak, Mundarrain eta Mehatzetik eta Iparla edo Oilarandoira, nola Urkulu eta Errozatetik Organbidexka, Orhi eta Ahuñamendira.

Herritar bezenbat arrotz, edo gehiago, sasoi hontan hor gaindi.

Beherago ere badu segurki non ahusa jende horrek, orok dakigun bezala: bestak, etxe sartzeak, pilota partidak eta artzain zakur primak... ez da eskasik.

Hantxe baino hementxe hobe, bidez bide dabila gisa guziz udako jendea.

Batzu airez aire ta burrunbaka, badira bizkitartean gelditzen ere dakitenak.

Zenbaitek erakustokiak eta elizak dituzte bisitatuko, meza batzu berdin usaian baino astiroago entzun nahi, otoitzaren edo bi solasen denbora behingoan hartuz, zerendako ez?

Solasa bai: hortxetan batek nahiko du gure herriko lur lanaren berri jakin, nola bizi den hemengo jendea, iduriz eremu gutitan edo berdin malkar txarretan.

Baita beste ofiziorik ere, nola ez dituzte jende desbardinek elgarren berriak ikasten! Baina zerbait berdinik badugula ere ohartzen oro har: Horiek ere jendeak!, besteak zion bezala.

Ezin ukatua.

Eta mundu hau ainitz jende motaz egina.

Eta orotan gizona gizon.

Elgar hola hartzen badakigu.

E.L.